Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Arnedoko gertaerak Errixoako herri horretan 1932ko urtarrilaren 5ean izan ziren eta Guardia Zibilaren tiroketaren ondorioz hamaika hildako eta hogeita hamar zauritu suertatu ziren.[1] Hilabete lehenago 1931ko Espainiako Konstituzioa aldarrikatu zuten, Niceto Alcalá Zamora Espainiako Bigarren Errepublikako presidente bilakatu zen eta abenduaren 15ean Manuel Azañak koalizio errepublikano-sozialistaren bigarren gobernua sortu zuen. "Arnedoko gertaerek" Bigarren Errepublikako biurteko erreformistaren "aste tragikoa" amaitu zuten, Castilblancoko gertaerek hasi zutela.

Gertaerak

aldatu

1931ko abenduaren 31ko Castilblancoko gertaerak (non langabezian zeuden jornalero talde batek lau guardia zibil lintxatu zituen) izan eta sei egun geroago, Arnedon herria eta Guardia Zibilaren arteko liskarra izan zen. Murotarrek herrian zuten oinetakoak agiten zituen lantegitik zenbait langile bota zituzten. Hitzaldi luzeak izan ondoren, gobernadore zibilaren bitartekaritza izan zituenak, ez zituzten berriro langileak hartu eta urtarrilaren 5eko astearte hartan UGTk greba orokorrera deitu eta herritarrei langileekin bat egiteko eskatu zieten. Egun berean, udaletxean gobernadore zibila, alkatea, zenbait zinegotzi, Guardia Zibilaren komandantziako burua eta zenbait ugazaba bildu eta kaleratuak berriro hartzea erabaki zuten.[2]

Udaletxearen aurrean, Errepublikako plazan, jendetza bildu zen: greban zeuden langileak eta bere familiak, zenbait herritar eta ordezkari sindikalak. Hauek udaletxera zihoazen ugazabekin hitzarmena sinatzeko. Guardiak ikustean, oihuka hasi eta gorputzaren desegitea eskatu zuten, giardiei "kapitalismoren morroiak" deituz. Teniente baten aginduetara zeuden hogeita bost guardia zibilek, bat ere abisu eman barik, tiroketari ekin zioten.[3] Bertsio batzuen arabera, goardia batek 15 urteko neskato bat jipoitu eta, neskaren aita zen langile batek indar egin zuen poliziaren kontra. Guardia lurrera erori zenean denek su egin zuten, gutxienez hiru deskarga eginez.

Ez zuten tiroketa amaitu udaletxean zegoen guardia zibilaren komandantea kalera jaitsi eta tenienteari gelditzeko agindua eman zion arte. Tiroketaren ondorioz sei gizon eta bost emakume hilik (tartean ama bat eta bere lau urteko semea eta hirurogeita hamar urteko emakumea); hemeretzi gizon eta hamaika emakume zauritu (tartean hanka galdu zuen bost urteko mutiko, zenbait agure eta lanerako gauzaez bilakaturiko bost lagun) eta balaz arin zaurituriko guardia zibil bat suertatu ziren.[2]

Ondorioak

aldatu

Jendearen iritzia sumindurik zegoen eta Castilblancokoa eta gero izandako begikotasuna areriotasun bilakatu zen, Guardia zibilak berbertatik tiro eginiko lehenengo aldia ez zelako. Gorteetan, oposizioak Guardia Zibilaren buruzagi nagusia zen José Sanjurjo jeneralaren berehalako dimisioa eskatu zuen. Gobernuak hilabete bat baino ez zuen eutsi eta Cabanellas jenerala izendatu zuen Guardia Zibilarako. Sanjurjo Carabinerosen buru berri bilakatu zen baina gradu-beherapentzat hartu zuen eta, bost hilabete geroago, estatu-kolpe baten saiakera zuzendu zuen.[3]

1934ko urtarrilaren 30ean Burgosko auzitegi militarrak Tiro egiteko agindua eman zuen tenientea epaitu zuen. Auzitegiak ez zuen gizahilketa eta zuhurtziagabetasun ausartegirekin sortutako lesioak egiaztatzen zituen frogak ikusi eta absolbitu zuen.[2] Bertan deklaratu zuten guardia zibil eta ugazaben arabera, Arnedon zenbait bilera egin zuten eta PSOEren hizlariek, tartean José Orad de La Torre, manifestariak zirikatu zituzten akordio bat izateko. Zauritutako Guardia Zibileko kaboak orkatilan aurretik atzera zihoan zauria zuen, bederatzi kalibreko arma labur batek sortua. Ez zuten ez jaurtigairik ezta zorrorik ere topatu, beraz, ezin izan zuten zauriaren sorrera argitu.

Erreferentziak

aldatu
  1. Gil Andrés, Carlos. (2002). La República en la plaza: los sucesos de Arnedo de 1932. Logroño: Instituto de Estudios Riojanos ISBN 84-95747-31-6..
  2. a b c Casanova, Julián. (2007). República y Guerra Civil. in: Historia de España. 8 Bartzelona: Crítica/Marcial Pons, 60 or. ISBN 978-84-8432-878-0..
  3. a b Jackson, Gabriel. (1965). The Spanish Republic and the Civil War, 1931-1939. Princeton, 79 or. ISBN 84-7423-006-3..

Kanpo estekak

aldatu