Akira Kurosawa
Akira Kurosawa (黒澤 明 Kurosawa Akira edo 黒沢 明, Omori, Tokio, 1910eko martxoaren 23a- 1998ko irailaren 6a) film zuzendari, ekoizle eta gidoilari japoniarra izan zen. 57 urtetan zehar 30 film zuzendu zituen. Zinemaren historiako zinemagilerik garrantzitsu eta esanguratsuenen artean dago[1].
1938an hasi zen Kajiro Yamamotoren zuzendaritza-laguntzaile lanetan. Bere lehen filmek kutsu nazionalista argia dute, Bigarren Mundu Gerran hasi baitzen zuzendari lanean. Gerraren ostean, Yoidore Tenshi arrakastatsua zuzendu zuen, Toshiro Mifune aktore ezezagunarekin paper nagusian. Film honekin Japoniako zuzendari gazteen artean ospea lortu zuen. Mifunek eta Kurosawak hamabost filmetan lan egin zuten elkarrekin.
Nazioarteko arrakasta Rashomon (1950) filmari esker lortu zuen[2][3]. Arrakastak bere lanetan askatasun gehiago eman zion. Lehenengo arrakasta honi beste askok jarraitu zioten, baina Akahige eta Dodeskaden filmeen porrot komertzialen ondoren bere buruaz beste egiten saiatu zen. George Lucas eta Francis Ford Coppolaren diru laguntzaz egin zituen bere pelikula epiko handiak Kagemusha eta Ran.
Biografia
aldatuHaurtzaroa eta gaztaroa
aldatuAkira Isamu eta Shima Kurosawaren zazpigarren umea zen, bi anaia eta hiru arreba zituen. Martxoaren 23an Tokioko Omori barrutian jaio zen. Bere ama Osakako merkatari sendi batekoa zen. Aita samurai familia baten ondorengoa zen eta armadaren institutu batean soinketa irakasten zuen[4][5].
Bere tamaina handia zela eta ez zen kiroletarako ona eta eskolako kideek baztertu egiten zuten. Horregatik haurtzaro bakartia izan zuen eta bere burua arrarotzat zuen. Lehen hezkuntzan irakasle batek bere talentua nabaritu eta marrazten hastera bultzatu zuen[4].
Bere anaia nagusiak, Heigok, eragin handia izan zuen beragan. 1923ko Tokion lurrikara handi bat izan zen eta 100.000 pertsonatik gora hil ziren. Heigok Akira lurrikararen ondorioak ikustera eraman zuen eta hildakoen gorputzak gogoz kontra begiratzera derrigortu zuen 13 urteko haurra. Kurosawak gertakizun honek beldurrei aurre egiten erakutsi ziola esaten zuen[6][7].
Heigo ikasle bikaina zenez bere familiak unibertsitatean ikasiko zuela sinetsi zuen beti, baina aitaren esanak ez jarraitzeagatik unibertsitatera sarrera froga nahita suspenditu zuen. Ikasi beharrean film mutuen narratzaile, benshi, bilakatu zen[6]. Bere lana irakurtzen ez zekitenentzat filmen testuak narratzea zen eta, horren ongi egiten zuenez, arrakasta handia zuen eta zinema aretoak bera entzuteko betetzen ziren. Soinudun zinea iritsi zenean bere lana alferrikako bilakatu zen eta deprimitu egin zen.
Bere buruaz beste egiteko asmoa zuela esan zion Heigok bere amari, baina Akirak ez zuen uste hala egingo zuenik eta ez zuen ezer egin hori eragozteko. Akirak 20 urte zituela Heigok sepukua (samuraien heriotz errituala) burutu zuen. Akira bizitza guztian zehar damutu izan zen gertakizun hau eragotzi ez izanaz. Bere anaien heriotzek Akira seme nagusi bihurtu zuten[8], kontutan izan behar da seme nagusi izatea Japonian familiaren barruan garrantzi eta erantzukizun handiko maila dela eta Akira ez zela sekula horretarako prestatua izan[6].
Seme nagusi bezala bi bideren artean erabaki behar zuen: bere aitaren nahiak jarraitzea ala Heigok izango ez zuen bizitza aurrera eramatea. Heigok bezala arte ederren eskolan sartzeko froga suspenditu zuen eta zinemaren munduan sartu zen. Hemendik aurrera Akirak Heigoren urratsak jarraitu zituen. Bere film askotan ikusten da bi gizonen arteko harremana eta baita gizon batek bestearen lekua hartzea Kagemushan bezala.
Heldutasuna
aldatu1938 an Kurosawa Toho zine estudio handietan Kajiro Yamamoto zuzendariaren laguntzaile lanean hasi zen.
Bigarren Mundu Gerra hasi zenean fisikoki gaitasunik ez zuelako gerra-tokira ez bidaltzea lortu zuen. Jendeari ez zitzaion ongi iruditu arte martzialetan trebea zen eta 1,82 m garaiera zuen gizon handia gerrara joan ez izana eta bizi osoan zehar jasan zuen horregatik gaitzespena.
Zuzendari gisa bere lehen lana Sanshiro Sugata izan zen eta arrakasta izan zuenez bigarren zati bat ere egin zion. Japoniar gobernuaren esanak jarraituz propaganda abertzalea ere egin behar izan zuen. Horren adibide da Ichiban utsukushika (ederrena euskaraz) filma, Bigarren Mundu Gerratean emakumeek fabriketan egin zuten lan garrantzitsuari buruzkoa.
Film ugari zuzendu ondoren Rashomon filmarekin Veneziako zinemaldian Urrezko Lehoi bat irabazi zuen, mundu osoan ospetsu bilakatu zen eta japoniar zineari ekialdeko ateak ireki zizkion. Film honetan hasi zen Kurosawa Toshiro Mifune aktorearekin lanean.
Hurrengo urteetan Toshirok protagonizatutako arrakasta handiko filmak zuzendu zituen, Shichinin no samurai (zazpi samuraiak), Kimonosu-jo (odolezko tronua) eta Yojimbo (bizkarzaina) adibidez.
Porrotaren ondoren
aldatuTengoku to jigoku, Akahige, 1965. (Bizargorri) filmak ez zuen arrakastarik izan eta Toshiro Mifune eta Kurosawaren elkarlanaren amaiera izan zen.
1970 Dodes ka-den filmean Kurosawak estudio handiak utzi eta estilo berria ikertu zuen. Film honen porrotak deprimitu egin zuen eta Heigok bezala bere buruaz beste egiten saiatu zen. Porrot honegatik hurrengo filmeetan ikerketa gutxitu zuen eta estilo klasikoagoa erabiltzen saiatu zen.
Porrotak bultzaturik hurrengo filma Japonia utzita Errusian Dersu Uzala filmatu behar izan zuen.
Ondorengo urteetan arrakasta berreskuratu zuen bere lana miresten zuten George Lucas eta Francis Ford Coppolaren diru laguntzaz egin zituen bere pelikula epiko handiekin Kagemusha 1980an eta Ran 1985ean. Bere azken urteetako lanek ez zuen kritikaren artean arrakasta handirik izan, baina bere ospeari esker 82 urte zituela egin zuen azken lana, Madadayo 1982an maisu baten azken urteei buruzko film hunkigarria.
Filmografia
aldatu- 姿三四郎, Sugata Sanshiro, 1943.
- 一番美しく, Ichiban utsukushiku, 1944.
- 続姿三四郎, Zoku sugata sanshiro, 1945.
- 虎の尾を踏む男達, Tora-no-o wo fumu otokotachi, 1945.
- 明日を創る人々, Asu wo tsukuru hitobito, 1946.
- わが青春に悔なし, Waga seishun ni kui nashi, 1946.
- 素晴らしき日曜, Subarashiki nichiyōbi, 1947.
- 酔いどれ天使, Yoidore tenshi, 1948.
- 静かなる決闘, Shizukanaru kettō 1949.
- 野良犬, Nora inu, 1949.
- 醜聞, Shubun, 1950.
- 羅生門, Rashomon, 1950.
- 白痴, Hakuchi 1951.
- 生きる, Ikiru, 1952.
- 七人の侍, Shichinin no samurai, 1954.
- 生きものの記録, Ikimono no kiroku, 1955.
- 蜘蛛巣城, Kimonosu-jo ("Odolezko Tronua"), 1957.
- どん底, Donzoko, 1957.
- 隠し砦の三悪人, Kakushi toride no san-akunin, 1958.
- 悪い奴ほどよく眠る, Warai yatsu hodo yoku nemuru, 1960.
- 用心棒, Yojimbo, 1961.
- 椿三十郎, Tsubaki Sanjûrô, 1962.
- 天国と地獄, Tengoku to jigoku, 1963.
- 赤ひげ, Akahige, 1965.
- どですかでん, Dodeskaden, 1970.
- デルス・ウザーラ, Dersu Uzala, 1975.
- 影武者, Kagemusha, 1980.
- 乱, Ran, 1985.
- 夢, Yume, 1990.
- 八月の狂詩曲, Hachigatsu no kyoshikyoku; o 八月のラプソディ, Hachigatsu no rapusodi, 1991.
- まあだだよ, Maadadayo, 1993.
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Ingelesez) «Beauty Beneath the Brutality: Japanese Masters Mizoguchi and Ozu» MovieMaker Magazine 1998-12-01 (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).
- ↑ Dixon, Wheeler W., 1950-. A short history of film. ISBN 9780813544755. PMC 276170255. (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).
- ↑ Russell, Catherine, 1959-. (2011). Classical Japanese Cinema Revisited.. Continuum International Pub. Group ISBN 9781441144614. PMC 741492634. (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).
- ↑ a b Galbraith, Stuart, 1965-. (2002). The Emperor and the wolf : the lives and films of Akira Kurosawa and Toshiro Mifune. (1st ed. argitaraldia) Faber and Faber ISBN 0571199828. PMC 46462771. (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).
- ↑ Godard, Jean-Luc, 1930-. Godard on Godard : critical writings by Jean-Luc Godard. ISBN 0306802597. PMC 13092375. (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).
- ↑ a b c Kurosawa, Akira, 1910-1998.. (1983, ©1982). Something like an autobiography. (1st Vintage books ed. argitaraldia) Vintage Books ISBN 0394714393. PMC 9080996. (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).
- ↑ Prince, Stephen, 1955-. (1999). The warrior's camera : the cinema of Akira Kurosawa. (Rev. and expanded ed. argitaraldia) Princeton University Press ISBN 0691010463. PMC 40990269. (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).
- ↑ Richie, Donald, 1924-2013.. (1998). The films of Akira Kurosawa. (3rd ed. argitaraldia) University of California Press ISBN 0520220374. PMC 41038353. (Noiz kontsultatua: 2019-04-20).