1982ko Espainiako Itzulia Itzuli Handi honen 37. edizioa izan zen. 1982ko apirilak 20 eta maiatzak 9 artean ospatu zen, sarrerako bat eta horietako bi bikoitzak izan ziren 19 etapatan banatutako 3456 kilometroko ibilbidea eginez. Santiago de Compostelan hasi eta Madrilen amaitu zen.
100 txirrindularik parte hartu zuten 10 taldetan banatuta, proba 76k amaitu zutelarik. Garailea izan zen Marino Lejarretak proba, batez beste, 36,855 kilometro orduko abiaduran bete zuen. Berarekin batera podiumean Michel Pollentier eta Sven-Åke Nilsson egon ziren.
Alabaina, horietako bakar bat ere ez zen faboritoa proba hasieran, Claude Criquielion baitzen garaipena lortzeko atzerritar hautagairik sendoena, eta espainiarren artean Ángel Arroyo, Alberto Fernández, Pedro Muñoz, Vicente Belda, Juan Fernández eta Faustino Rupérezen izenak agertzen ziren.
Hasieran esprintetan Eddy Planckaert nagusitu ondoren, Criquielionek lortu zuen lidertza 4. etapan, Reinosan amaitu zena.
Edizio honetako seigarren etapa TVEk zuzenean eman zuen lehena izan zen. Garaipena José Luis Laguíarentzat izan zen.
Ángel Arroyok lidertza 10. etapa amaitu ondoren lortu zuen, non zenbait mendate igo ziren. Harrigarria bada ere, hurrengo egunean, zailtasun handirik gabeko etapa bat zena, Arroyok ia minutu bat galdu zuen bere arerioekiko, lidertzan segundo eskas batzuengatik jarraituz. Alabaina, 15. etapan, avilarrak erlojupeko bikaina egin zuen eta jada nabarmendua zegoen lidertzan.
17. etapa, San Fernando de Henaresen hasi eta Navacerrada mendatean amaitu zena, Itzuliko azken mendiko etapa zen. Pedro Muñoz, Vicente Belda eta Ángel Arroyo helmugara pelotoiari diferentzia handia ateraz iritsi ziren.
Madrilgo azken helmugan, Ángel Arroyo koroatu zuten edizio horretako garaile bezala. Alabaina, Arroyok positibo emango zuen Navacerradan amaitu zen etapan eginiko dopingaren aurkako kontrolean, beste zenbait txirrindulariz gain, horien artean Muñoz, Belda eta Fernández zeudelarik. Ángel Arroyori Itzulia kendu zioten, Marino Lejarreta bizkaitar gaztearen eskuetara pasatuz.