Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Edukira joan

Zuketa eta xuketa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Zuketa eta xuketa euskararen hizkera alokutiboetako bat da: hor, eztabadan ez bezala, hiztunak bere hizketan solaskidea sartzen du. Zukako eta xukako adizki alokutiboak ekialdeko euskalkietan erabiltzen dira. Hona hemen adibide batzuk:

a) Aita joan da (ez-alokutiboa edo eztabadakoa).
b) Aita joan duk / Aita joan dun (hikako alokutiboak).
c) Aita joan duzu (zukako alokutiboa).
d) Aita joan duxu (xukako alokutiboa).

Zuketa eta xuketa, euskalkietan egun

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xabier Alberdik eta beste batzuek 2000. urtearen inguruan egindako inkesten arabera, zukako tratamendu alokutiboari ondo eusten zaio zaharren artean; ez da gauza bera gertatzen, ordea, gazteen artean eta are gutxiago euskaraz alfabetatutako gazteen artean. Zukako hizkera atzeraka dabil Nafarroa Beherean, eta badirudi apurka-apurka eztabada nagusituz joango dela, zukako alokutiboa ordezkatzeraino. Izan ere, Luis Luziano Bonaparteri sinetsiz gero, XIX. mendearen hondarrean zukako tratamendua guztiz orokorra zen ekialdeko behe-nafarrera osoan, hain orokorra non eztabada ez baitzen erabiltzen bakanka baizik. Inkesten emaitzen arabera, eztabadak zuka ordezkatu bide du Donibane Garazi inguruan —ez Garazi osoan!— eta badirudi gainerako herri zukazaleetan ordezkatze-prozesu berbera hasita dagoela. Nahiko adierazgarria da herri guztietan (Gamarte, Amorotze, Gamue, Bardoze, Beskoitze, Mugerre, Urketa eta Donaixti-Ibarre) zuka aritzen ez den lekukoren bat —nor, eta denetarik gazteena, gehienetan— aurkitu izana.

Zaraitzuri dagokionez, elkarrizketatzea lortu zuten zaraitzuar lekuko bakarrak, 76 urteko Teofilo Eseberri Contin otsagiarrak, zuka hitz egiten zuen, inkestatzaileekin maiz eztabadaka eta zuka bereizi gabe aritzen bazen ere, zaraitzuera nahasi samarra baitzuen.

Halaber, zuka alokutiboa erronkarierara ere hedaturik zegoen, hainbeste, non ikertzaile batzuek lan neketsua izan baitzuten eztabadakako aditz-jokoa biltzeko. Aski da Erizkizundi Irukoitzako Uztarroze eta Urzainkiko emaitzak arakatzea, zailtasun horretaz ohartzeko.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]