Unitate aniztun elektriko
Unitate aniztun elektriko edo EMU bat (ingelesezko Electric multiple unit sigletatik) tren unitate mota bat da, kotxe autopropultsatuz osatua eta indar eragiletzat elektrizitatea duena. EMU batek ez du lokomotorra edo tren-makina bereizirik behar, trakzio-motore elektrikoak kotxe batean edo gehiagotan bertan txertatzen baitira. Orokorrean, EMU bat atxikitze erdiiraunkorreko bi kotxe edo gehiagoz osatzen da, baina elektrikoki akzionatutako kotxe bakar bat ere EMU gisa sailkatu ohi da.
EMU gehienak bidaiarientzako garraiorako erabiltzen dira, baina kasu batzuetan funtzio ezberdinetarako birgaitu edo moldatu dira, hala nola posta edo ekipaje garraioa, edo tokiko erabiletarako. Oso ezagunak dira mundu osoko aldiriko eta hiriarteko trenbide sareetan, azelerazio azkarra eta kutsadurarik gabeko funtzionamenduari esker. Tren-makina edota diesel unitate aniztunekin konparatuz, EMUak isilagoak dira, eta hala maiztasun handiz arratsalde zein gauez ere erabilgarri izaten jarraitzen dute, trenbide inguruko biztanleria gogaitzea saihestuz. Bestalde, EMU trenentzako tunelen diseinua sinpleagoa da, ez delako behar diesel makinen ihesak desagerrarazteko instalaziorik.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1893an Liverpoolko biaduktu gaineko trenbidean lehenengo EMUa erabili zen. Trenbidearen hegoaldeko terminala lurpekoa zen, eta hala, EMU bat lurpean erabiltzen lehenengoa ere izan zen. Kotxe bakoitzak trakzio elektrikodun motorea zuen, eta pisu arina izateko bereziki diseinatu eta eraiki zen, biaduktu gaineko altzairuzko trenbideetatik ibili ahal izateko. Hasierako EMUak bi kotxedun trenak ziren, eta geroago hiru kotxekoak egiten hasi ziren, trakzio-motorea hasierako eta azkeneko kotxeetan egonda. Liverpoolko Museoak hasierako EMU horien eredu bat du ikusgai.[1]
Tipologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]EMU bat osatzen duten kotxeak orokorrean lau motatan sailkatu daitezke, bere funtzioaren arabera: elektrifikazio kotxeak, kotxe motoreak, kabina kotxeak eta atoi kotxeak. Kotxe bakoitzak funtzio bakar bat baino gehiago izan dezake, adibidez, kotxe motorea kabina kotxe ere izan daiteke; edo elektrifikazio kotxea motorea ere izan daiteke.
- Elektrifikazio kotxeak elektrifikatutako azpiegituratik energia erauzteko beharrezkoa den ekipoaz hornituta dago, hala nola zapatak, hiru errailezko sistemetan; edo gida barra eta transformadoreak, pantografodun sistemetan.
- Kotxe motoreak (Mc) trena mugiarazteko trakzio-motoreak daramatzate, eta askotan elektrifikazio kotxeekin konbinatzen dira, kotxeen arteko tentsio altuko konexioak ekiditeko.
- Kabina kotxeak trena kontrolatzeko gidatze-kabinaz hornitutakoak dira. EMU batek, orokorrean, bi kabina kotxe ditu, bat mutur bakoitzeko.
- Atoi kotxeak (R) trakzio eta energiari lotutako ekiporik gabeko kotxeak dira, eta lokomotora batek atoian eramaten dituen bagoien antzekoak dira.
Ereduak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Munduan EMU ezagunenen artean abiadura handiko Shinkansen (Japonia) eta ICE 3 (Alemania) trenak daude. Euskal Herrian Renfeko Aldirien zerbitzuetan, Euskotrenen linea guztietan (lurrunezko trena salbu) edota Bilboko metroan ere EMU trenak topa ditzakegu, hala nola Euskotrenen 900 seriea.
Argazki galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
ICE 3 sistemako Deutsche Bahn eragilearen EMU bat Alemanian.
-
EMU bat Sidney, Australian.
-
Renfeko Aldirien zerbitzua egiten duen Civia EMU bat.
-
EMU tren unitate bat Bombayn.