Timoteori Bigarren Gutuna
Timoteori Bigarren Gutuna edo, labur, 2 Timoteori (2 Tm) Bibliako Itun Berriko artzain-gutunetako bat eta hamaseigarren liburua da. Paulok Timoteori idatzitako gutun bat da, Timoteori Lehen Gutunaren ostekoa. Gutunak lau kapitulu dauzka eta koinez idatzita dago.
Egilea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Timoteori Lehen Gutuna lez, Paulo Tarsokoak egindakotzat jo ohi da. Oraingo honetan, idazlea espetxean zegoen Erroman (2 Tm 1:8,16-17) eta hurbil sumatzen zuen heriotza; Timoteori egin zizkion aholku eta erreguak estuagoak eta premiazkoagoak izan ziren: idazlearen azken-nahiaren antza dute.[1]
Timoteori eginiko bi gutunek eta Titori egindakoak sail berezia osatzen dute Pauloren izenean datozen gutun guztien artean: artzain-gutunak. Pauloren izenean datozen beste guztiak ez bezala –Filemoni egina salbu– lagun bakarrarengana, ez elkarteengana, zuzenduak daude. Paulok idatziak bezala azaldu arren, eta Pauloren beraren esaldiak eta bizitzako zenbait xehetasun eman arren, exegeta moderno askok Pauloren ikasleren batek geroago idatziak direla uste du.[2]
Hartzailea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gutun honen hartzailea, lehenengo gutunean lez, Timoteo da, eta Paulok aholku eta erregu estu eta premiazkoak egin zizkion.
Paulok Listran aurkitu zuen Timoteo bere bigarren misio-ibilaldian (Eg 16:1-3). Bai Apostoluen Eginetan, bai gutunetan, Pauloren ondoan azaltzen da ia beti. Oso gazterik hasi zen Paulori laguntzen (1 Tm 4:12; 5:1) eta beronen ikaslerik maiteen bihurtu zen (Flp 2:19-24). Eginkizun bereziak gomendatu zizkion Paulok Tesalonikan, Korinton eta Filiposen.[2]
Edukia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaiaren aldetik 1 Timoteori gutunaren berdintsua bada ere, 2 Timoteoren hizkera askoz ere pertsonalagoa da; luzeago ematen du idazlearen egoeraren berri: Paulo espetxean zegoen, denek utzia (2 Tm 4:16), baina nahigabe guztien artean Jaunak bizkortzen zuen (2 Tm 1:12); hurbil sumatzen zuen ordurako bere azken askapena (2 Tm 4:17-18), bere biziaren eskaintzaz lortuko zuena (2 Tm 4:6); esker onez aipatu zuen Timoteo, beren arteko adiskidetasun mina eta apostolutzan nahiz erasoaldietan beti bat eginik egon zitzaion bere seme eta ikaslearen elkartasuna gogora ekarri zituen (2 Tm 1:2-5).
« | Horregatik gogorarazten dizut indarberri dezazula nik eskuak ezartzean Jainkoak eman zizun dohaina | » |
2 Tm 1:6 |
Dohain horrek, aldi berean, Berri Ona, Jainkoaren onginahi salbatzailea (2 Tm 1:9-10) eta apostolu-ministerioa (2 Tm 1:11-12) adierazten ditu. Lehenik, Paulorengandik hartu zuen gordailua Espirituaren laguntzaz zaintzeko eskatzen dio Timoteori (2 Tm 1:14), berarengandik ikasi eta onartu zuen hartan tinko iraunez (2 Tm 3:14), Liburu Santuak oinarritzat harturik (2 Tm 3:15-16) eta eztabaida zoroak alde batera utziz, horiek sesioak sortzeko (2 Tm 2.23) eta sinesmena hondatzeko (2 Tm 2:14-18) bestetarako ez baitziren. Bigarren, bere burua Berri Onaren zerbitzura emateko eskatuzion, eragozpenen aurrean atzera egin gabe (2 Tm 2:1-3), lotsarik gabe, idazlearen beraren antzera (2 Tm 1:8-12), aurka jartzen zirenak zentzaraziz (2 Tm 2:25), garaia zenean eta ez zenean Berri Ona hots eginez (2 Tm 4:2-5).
Aipagarria da atal berezi bezala 2 Tm 2:11-13 zatiko gorazarrea.[1]
Egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
|
|
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b «2 Tm 0 - BIBLIJA.net - Biblia interneten» www.biblija.net (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).
- ↑ a b «1 Tm 0 - BIBLIJA.net - Biblia interneten» www.biblija.net (Noiz kontsultatua: 2021-05-10).