Robert Musil
Robert Musil | |
---|---|
(1930) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Klagenfurt, 1880ko azaroaren 6a |
Herrialdea | Austria |
Heriotza | Geneva, 1942ko apirilaren 15a (61 urte) |
Hobiratze lekua | Erregeen hilerria |
Heriotza modua | berezko heriotza: istripu zerebrobaskularra |
Familia | |
Aita | Alfred Musil |
Ezkontidea(k) | Martha Musil (en) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Berlingo Humboldt Unibertsitatea (1903 - 1908) : psikologia, filosofia |
Hezkuntza-maila | doktoretza |
Tesi zuzendaria | Carl Stumpf |
Hizkuntzak | alemana |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, liburuzaina, eleberrigilea, antzerkigilea, gidoilaria, saiakeragilea, ingeniaria eta prosalaria |
Lantokia(k) | Bolzano |
Lan nabarmenak | |
Jasotako sariak | ikusi
|
Influentziak | Ralph Waldo Emerson, Friedrich Nietzsche, Maurice Maeterlinck eta Ernst Mach |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Lehen Mundu Gerra |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
musilgesellschaft.at | |
| |
Robert Musil (Klagenfurt, Austria-Hungariako Inperioa, 1880ko azaroaren 6a - Geneva, Suitza, 1942ko apirilaren 15a) austriar idazlea izan zen.
Goi-burgesiako familia batean jaio zen. Akademia militar batean sartu zen, baina militar ikasketak utzi eta ingeniaritza ikasten hasi zen. Berlinera joan zen, eta han filosofiako eta psikologia esperimentaleko ikasketak egin zituen. Lehen Mundu Gerran koronel izan zen, eta gerra bukatu zenean Austriako Kanpo Arazoetako ministerioarentzat lan egin zuen. Hitleren gudarosteak Austrian sartu zirenean Suitzara ihes egin zuen.
Musilen eleberriak kontakizun eta iruzkin dira aldi berean. Austria-Hungariako inperioaren arazoei buruzko eleberri bat idatzi zuen, Der Mann ohne Eigenschaften (1931) izenekoa. Haren beste zenbait lan aipagarri Die Verwirrungen des Zöglings Törless (1902-03), Die Schwärmer (1921) eta Vinzenz und die Freundin bedeuntender Männer dira.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musil Klagenfurten jaio zen, Austriako Karintia probintzian, goi-burgesiako familia batean. Ikasketa militarrak egin zituen hasieran, eta 12 urtetik 17 urtera bitarte ikastetxe militarretan ibili zen. Ingeniaritza ikasketak egin zituen gero, eta 1901ean atera zuen ingeniari diploma.
Stuttgarteko Goi Mailako Ikasketa Teknikoen eskolan hasi zen lanean, eta han hasi omen zen, asperarren asperraz, bere lehen nobela idazten: Die Verwirrungen des Zoglings Torless (1906, «Torless ikaslearen nahasmenduak»[1]). 1903ko udazkenean Berlinen zen, Filosofiako eta Psikologia Esperimentaleko ikasketak egiten. Ikastetxe militarreko oroitzapenak oinarrian harturik, Stuttgarten idazten hasia zen nobela 1906an argitaratu zuten, eta oso harrera ona izan zuen. 1908an doktore tesia aurkeztu zuen Ernst Mach filosofo positibistari buruz.
1911n Martha Marcovaldirekin ezkondu zen. Musilek literaturan bete-betean aritzeko erabakia hartu zuen, eta bere lehen nobelaren arrakastak erabaki horretan adoretu baizik ez zuen egin. 1910ean Vienara itzuli zen liburutegizain aritzeko. Garai hartan ipuin bilduma bat argitaratu zuen, Vereinigungen («Ezteiak»), aurreko nobela baino konplexuagoa eta ausartagoa, eta harrera onik izan ez zuena. 1913. urtearen bukaera aldera, Berlinera abiatu zen, aldizkari batean lan egitera, baina Lehen Mundu Gerra piztu zelarik, ofizial izendatu zuten eta Tirol hegoaldean egin zuen gerra. Gerratik itzuli ondoren, gudarosteko prentsa zerbitzuan hasi zen lanean, Vienan. 1922az geroztik, urte hartan galdu baitzuen lanpostu hura, literaturatik atera zuen, estu bazen ere, bizimodua, argitaratzaileek aurreratzen zioten edo lagunek ematen zioten dirutik, alegia.
Estutasunak estutasun, Musil bere literaturazko zereginari lotu zitzaion. 1921ean antzerki lan bat argitaratu zuen, Die Schwarmer («Buruberoak»); obrak berez harrera ona izan zuen, baina antzerkian antzeztu zenean ikusleek gogor gaitzetsi zuten, eta porrot hark eragin handia izan zuen Musilengan. 1923an Kleist saria eman zioten Drei Frauen («Hiru emakume») ipuin bildumarengatik. Baina Musilek urteak zeramatzan nobela handi bat idazten eta, azkenean, 1930ean argitaratu zuen haren lehen zatia: Der Mann ohne Eigenschaften («Ezaugarririk gabeko gizona»). Lehenengo liburuki handi samar horrek mirespen handia sortu zuen bazterretan, eta arrakasta are handiagoa izango zukeen, nazismoak ez balio bidea eten.
1931 bukaeran Musil Berlinen zen, berriz ere, bere liburuaren bigarren zatia idazten. Argitaratzaileak gogotik estutzen baitzuen, azkenean, gogoz kontra, onartu zuen, 1933ko martxoan, nobela haren bigarren zatiko lehenengo 38 kapituluak argitaratzea. Handik hilabete batzuetara Vienara egin behar izan zuen ihes, haren obra debekatu egin baitzuten Alemanian. Bakardade handian bizi izan zen garai hartan; 1935ean hitz lauz idatzitako bilduma bat argitaratu zuen: Nachlass zu Lebzeiten («Hil ondoko lanak bizirik idatziak»). Nolanahi ere, buru-belarri ari izan zen lanean bere nobela handian. 1938ko abuztuan Vienatik alde egin behar izan zuen. Zurichera aldatu zen, eta gero Genevan hartu zuen bizilekua, eta han jarraitu zuen bere eleberrian lanean, egoera material eta moral estuenean. 1942an hil zen garuneko odol jario batez.
Musilen lanaren onarpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1942an, 62 urte zituela, Robert Musil Genevan hil zenean, erbestean, haren heriotzak ez zuen oihartzun handirik izan, mundua Bigarren Mundu Gerraren zurrunbiloan sartua baitzegoen, eta inork gutxik ezagutzen edo gogoratzen zuen Musilen izena, eta haren liburuak ia aurkiezinak ziren. Hil baino lehentxeago, bere-berea zuen ironia garratzarekin, hala idatzi zion bere adiskide bakanetako bati: «Heriotzaren zain egon beharra bizi ahal izateko, horra balentria ontologiko ez nolanahikoa....»
1943an haren emazteak Ezaugarririk gabeko gizona eleberri handiaren hirugarren zatia eman zuen argitara. Hartarako Musilek berak inprentarako prest utziak zituen kapituluak hartu zituen, batetik, eta nobelaren bukaerarako idatzirik zeuden eskuizkribu ugarien artean batzuk aukeratu zituen, bestetik.
1950 ingurutik aurrera hasi zen Musilen obra irakurleen bidea urratzen, batez ere haren idazlan nagusia (Der Mann ohne Eigenschaften) jatorrizko hizkuntzan berriz argitaratu eta Europako hizkuntza nagusietara itzuli zenean, goi-maila iritsi zuen XX. mendeko Europako literaturan.
Idazlan zerrenda
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1906 : Die Verwirrungen des Zöglings Törless[1]
- 1911 : Vereinigungen. Zwei Erzählungen
- 1921 : Die Schwärmer. Schauspiel in drei Aufzügen.
- 1923 : Grigia. Novelle.
- 1923 : Die Portugiesin.
- 1924 : Drei Frauen
- 1926 : Vinzenz und die Freundin bedeutender Männer. Possen in drei Akten.
- 1927 : Rede zur Rilkefeier in Berlin am 16. Januar.
- 1930 : Der Mann ohne Eigenschaften Roman, Buch Einz, 1. und 2. Teil.
- 1933 : Der Mann ohne Eigenschaften. Roman, Buch Einz, 3. Teil.
- 1936 : Nachlaß zu Lebzeiten
- 1937 : Über die Dummheit. Vortrag.
- 1943 : Der Mann ohne Eigenschaften, Musil hil ondoan, haren emazteak emazteak argitara emandako zatiak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b Robert MUSIL: Torless ikaslearen nahasmenduak Euskaratzailea: Koldo Morales Belda, Ibaizabal, 1996
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Robert Musil |
- Euskarari ekarriak: Robert Musil Ekarriak.armiarma.eus
- (Alemanez) Robert Musil Literatur Museum Musilmuseum.at