Inausketa
Inausketa landare baten zati bat moztea da, gehienetan adarrak baina batzuetan ere kimuak edo sustraiak.
Helburua izan daiteke landareari nahi dugun itxura ematea (eraketako inausketa), fruitu gehiago ematea (ekoizpen inausketa) edo hostoen dentsitatea arintzea (hostaila murrizteko inausketa)[1].
Zergatikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontuz eta behar bezala eginda, inausketak fruitu errendimendua areagotu dezake. Hori dela-eta, nekazaritza-praktika arrunta da. Basogintzan enbor zuzenak eta adabegi gutxikoak lortzeko egiten da. Hiri-ingurunean, adarrak erortzeko arriskua prebenitzen da alde batetik, eta, bestetik, zuhaitzen tamaina kontrolatzen da, haien kokapenak erabat garatzen uzten ez duerman.
Maiz, lorezaintzan, inausketa erabiltzen da zuhaitzetan edo zuhaixketan forma artifizialak lortzeko. Maiztasun egokiarekin ondo gauzatuta eta errepikatuta, landareen apaingarri-balioa handitu daiteke. Honen inguruan sortutako arteari topiaria (edo arte topiarioa) deitzen zaio, batez ere Pizkundean garatu zena, eta oraindik bizirik dirauena heskaiak inaustean.
Hala ere, askotan modu desegokian egiten da (mutilazioak, adibidez ekoizpen helburu gabeko lepatze gehiegizkoak), zura usteltzeko arrisku areagotuz, zuhaitzen bizitza laburtzen dutenak eta adarrak hausteko arriskua areagotzen dutenak. Bestalde, zuhaitzaren mozketa erradikalegiak sarritan arriskuan jartzen du zuhaitzaren biziraupena bera.
Inausketa motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Landareak mozteko teknika desberdinak daude, moztutako zatiaren edo helburuaren araberakoak:
- Kimaketa: kimuak edo adar muturrak kentzea[2][3]. Adaxka puntetako begiak kentzean, hazkuntza eragozten da. Udako kimaketa[4] landarearen hazkunde begetatiboaren garaian egiten da, hau da, landarea hostotan dagoenean. Beste adarrei edo fruituei hobeto garatzen laguntzeko egiten da. Adarren muturreko begia kenduz egin daiteke, edo adar xurgatzaileak kenduz, besteak beste.
- Murrizketa: adaburuaren bolumena murrizteko, adaxkak eta zenbait adar moztea.
- Lepatzea: adaburu osoa edo erdiko adarra moztea, lepogainetik albo adarrak haz daitezen. Aspaldidanik erabilitako teknika hau, egun, kalean barra-barra erabiltzen da, zuhaitzei forma emateko; baina basoetan, ia ez da lepatzen. Euskal Herrian pagoak lepatu izan dira batez ere, zura lortzeko (ontzigintzarako, egurretarako...).
Beste mota batzuk ere badira[4]:
- loraketako inausketa: lorarazteko.
- eraketako inausketa edo formazio-inausketa: landareari nahi den egitura eta forma harrarazteko.
- fruktifikazio-inausketa: landareak fruitua lehenago emateko, fruitu hobeak edo/eta fruitu gehiago lortzeko.
- gerri-adarren inausketa edo adaburu-altxatzeko inausketa: beheko adarrak moztuz zuhaitzaren adaburua pixkanaka igotzen joateko.
- erro edo sustrai-inausketa
- eraberritzeko inausketa: zurezko landareen adar zaharrak moztuz landarea gaztetzeko eta muskil berriei indar gehiago.
Tresnak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hauek dira inausteko tresna nagusiak:
- Inauskaia: inausteko erabiltzen diren guraize antzekoak[5]. Bi kirten gurutzatu eta artikulatu dituzte, xafla moduan bukatuak, horietako bakarra edo biak ebakitzaileak modeloaren arabera. Esku bakar batekin erabiltzen dira, 1-3 cm lodi inguruko adarrak garbi-garbi mozteko[4].
- Bi eskuko inauskaia: adar lodiagoak mozteko erabiltzen da. Burdinazko bi kirten luze ditu, eta bi eskuekin heltzen zaie[4].
- Aihotz edo puda[4]: kirtena mailu batenaren antzekoa du, eta ahoa, berriz, alde batetik aizkoraren antzekoa eta, bestetik, labana baten gisakoa. Inausteko eta sasiak mozteko erabiltzen da.
- Inausteko zerra edo zerrotea: kirten bat eta orri estu eta askotan kurbatua dituen zerra, diametro txikiko adarrak aise eta kontuz mozteko erabiltzen dena[4].
- Bestelakoak: motozerra adibidez, adar handiak mozteko (nahiz eta inausketa baino, zuhaitz mozketa izan).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Consumer: neguko kimaketa
- ↑ Euskaltzaindia. (2018). "Kimatu" Hiztegi Batu Oinarriduna. .
- ↑ Hainbat hiztegitan, inausketa hitzaren sinonimotzat agertzen da
- ↑ a b c d e f Lorezaintza hiztegia. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia 2019 ISBN 978-84-457-3481-0. (Noiz kontsultatua: 2020-04-25).
- ↑ Inauskai Euskaltzaindiaren Hiztegian Noiz kontsultatua: 2020-04-25