Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Edukira joan

Duccio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Duccio di Buoninsegna» orritik birbideratua)
Duccio

Bizitza
JaiotzaSiena, 1255
Herrialdea Italia
Talde etnikoaItaliarra
HeriotzaSiena, 1319 (63/64 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
Irakaslea(k)Cimabue
Jarduerak
Jarduerakmargolaria
Lantokia(k)Siena eta Florentzia
Lan nabarmenak
MugimenduaSienako eskola
Genero artistikoamargolaritza erlijiosoa

Duccio di Buoninsegna (Siena, 1255-1260 aldean - Siena, 1318-1319 aldean) XIII. mendeko italiar pintorea izan zen, Sienako eskolako lehen maisua. Bere garaian eragin handiena izan zuen artistetako bat izan zen, funtsezkoa nazioarteko gotikoaren sorreran. Simone Martini eta Ambrogio eta Pietro Lorenzetti anaiak izan zituen ikasle.

Bizitza eta lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora asko eman dute arte-kritikari modernoek Duccioren eta haren garaikide zen Cimabueren arteko harremanak aztertzen, eta uste da biak batera aritu zirela lanean Asisko frantziskotarren basilikako obretan. Askoren iritziz, Cimabueren ikasle izan zen. Ducciok oso konposizio desberdinak garatu zituen, bizantziar tradizioko kontakizunetik aldenduak gehienak, eta izadiaren eta eguneroko gertaeren behatzaile zorrotza zela erakutsi zuen.

Haren lanik ezagunenak Florentziako Santa Maria Novella basilikako Madonna Rucellai (gaur egun Uffizi Galerian dagoena) eta Sienako katedraleko Maestà dira. 1285etik 1311ra egin zituen obren artean aipatzekoak dira Sienako katedraleko beirateetarako marrazkiak: Ehorzketa, Igokundea eta Ama Birjinaren koroatzea; Bernako Kunstmuseum-en dagoen Ama Birjina; Sienako frantziskotarren Ama Birjina; Sienako pinakotekako 28. poliptikoa; Londresko National Galleryn dagoen triptiko bat; eta, pintorearen azken urteetan, bere lantegikoen laguntzaz egin zuen 47. poliptikoa, gaur Sienako pinakotekan dagoena.

Ducciok beste ekarpen garrantzitsu bat ere egin zuen. Goian aipatu den Sienako katedraleko aldare nagusiko erretaulan dagoen Ama Birjinaren lokartzearen iragarpena izeneko formatu txikiko pasartean, ordura arteko pinturaren historian inoiz ikusi gabeko zerbait azaltzen da: bi irudiak egitura arkitektoniko baten barruan daude. Antzinako margolariak -eta bizantziarrak berdin- ez ziren gauza izan arazo hori ebazteko: margotutako eraikinak irudien atzean geratzen ziren beti, eta barruko pasarteak ere, kanpoan, teilaturik gabeko agertoki batean gertatzen ziren irudipena sortzen zuten. Duccioren pertsonaiak, aldiz, arkitekturak sortu eta definitutako espazio batean daude. Konposizio horren jatorria, zalantzarik gabe, eskultura [gotiko]]ak izan ohi zuen espazio arkitektonikoan bilatu behar da.

Simone Martiniren maisua izan zen, eta beste jarraitzaile asko ere izan zituen; haien artean, Ugolino di Nerio, Segna di Bonaventura, Isolako Badiako Maisua, Citta di Castelloko Maisua, etab.

2004an New Yorkeko Metropolitan Museum of Artek Duccioren Madonna con Bambino erosi zuen 45 milioi dolarren truke (museoaren erosketarik garestiena). 2006an James Beckek, Columbia Unibertsitateko adituak, pintura hori XIX. mendeko faltsutzea dela esan zuen. Metropolitan Museum-eko Europar Pinturako arduradunak Becken baieztapena gezurtatu zuen[1]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo-loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Duccio Aldatu lotura Wikidatan