Goalball
Goalball-a itsuentzat edo ikusmen urritasuna dutenentzat berariaz sortutako kirola da, zeinetan hiru jokalariko bi taldek parte hartzen duten. Kirol hori entzumen gaitasunean oinarritzen da kaskabiloak dituen baloiaren ibilbidea hautemateko. Gainera, gaitasun espazial handia eskatzen du jakiteko non dagoen baloia une oro.[1]
Partidak hogei minutu irauten du eta talde bakoitza pistaren alde batean kokatu behar da. Baloia eskuekin jaurtitzen da, aurkariaren atean sartzeko helburuarekin. Kontrara, taldeko hiru jokalarietako edozein bere atea babesten saiatu behar da, baloiaren ibilbidea moztuz. Horretaz gain, jokalari guztiek begietako mozorroa eraman behar dute, ikusmenari dagokionez aukera berdinak izateko. Gainera, ikusleak ere rol garrantzitsua du, partida jokatzen ari den bitartean isiltasuna mantendu behar baita baloiaren ibilbidea ondo entzuteko.[1]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Goalballa Hanz Lorenzen austriarrak eta Sett Reindle alemaniarrak sortu zuten 1946. urtean. Hasieran, Bigarren Mundu Gerran ikusmen desgaitasuna pairatu zuten beteranoen errehabilitazio prozesua arintzeko helburuarekin sortu zen.[2] Horrela, 1950. eta 1960. hamarkaden artean jokalariak erasoan eta defentsan trebeagoak bihurtu ziren eta horrek goalballaren bilakaera eragin zuen, kirol lehiakorragoa bihurtuz.[3] Baina ez zen Joko Paralinpikoen demostrazio kirol bihurtu Alemaniako 1972.urteko Joko Olinpikoetara arte. Urte batzuk beranduago, 1976. urtean, goalballa Torontoko Joko Paralinpikoetan sartu zen eta 1978. urtean ospatu zen munduko lehenengo txapelketa Austrian. 1976.urtetik aurrera goalballeko txapelketetan herrialde garrantzitsuenak eta ospetsuenak Finlandia, Danimarka eta Amerikako Estatu Batuak izan dira.[2]
Europan eta mundu mailan goalballeko lehenengo txapelketa antolatu ondoren, goalballak urte batzuk behar izan zituen beste herrialde batzuetara hedatzeko. Horrela, Europan hedatu eta gero, 2005. urtean Amerikara zabaldu zen. Hain zuzen ere, Itsuentzako Kirolen Nazioarteko Federazioak (IBSA) antolatutako Amerikako goalballeko lehenengo txapelketa Sao Paulon (Brasilen) egin zen. Goalballa urte batzuk beranduago, zehazki, 2010.urtean, Txinara heldu zen, Guangzhou-n (Txinan) Asiako-Pazifikoko lehenengo txapelketa eginez. Azkenean, Afrikara ere heldu zen, 2016.urtean Afrikako lehenengo txapelketa egin zen Argelen (Argelian). Goalballaren hedapen horren ondorioz, ospe handia irabazten joan da eta gaur egun IBSAk osatzen duten herrialde guztietan praktikatzen da.[3]
Talde nazionalen txapelketez gain, IBSA-k antolatutako Goalball-aren Gazteen Munduko Txapelketak bi urtez behin egiten dira eta bertan talde nazionalean sartu nahi diren gazteek parte hartzen dute. Zehazki, lehenengo txapelketa 2005.urtean izan zen eta txapelketa horiei esker herrialdeek haien etorkizuneko talentua erakusteko aukera izan zuten, horietako jokalari asko etorkizunean senior taldeen parte izan behar baitziren.[3]
Paralinpiar Jokoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Heidelbergen (Alemanian) 1972ko Joko Paralinpikoetan goalballa erakustaldiko kirol bat bezala aurkeztu zen, eta egutegi ofizialean sartu zen 1976tik aurrera Toronton (Kanada), gizonezkoetan, eta 1984an New Yorken (Estatu Batuak), emakumezkoetan. 1984. urtean goalballa kirol inklusibo eta mundiala bihurtu zen Joko Paralinpikoetara emakumezkoen dominen ekitaldia gehitu zenean. Hau da, hasieran soilik gizonezkoen taldeek jokatu zezaketen goalballean. Urte horietan gizonezkoen lehenengo titulu paralinpikoa Austriako taldeak irabazi zuen finalean Alemaniaren aurka 4-2 irabazi ondoren. Brontzezko domina Danimarkak irabazi zuen.[3]
Urte batzuk beranduago, 1978.urtean, munduko lehenengo txapelketa egin zen Voecklamarkt-en (Austrian). Txapelketa horretan ere soilik gizonezkoek parte hartu ahal izan zuten.[3]
Horretaz gain, 1981ean, Parisen, kirol horretan parte hartu zuten 30 herrialde baino gehiagoren ordezkari itsuen artean Itsuentzako Kirolen Nazioarteko Federazioa (IBSA) osatu zuten. Urtebete geroago, IBSAk goalball azpibatzorde bat sortu zuen, mundu mailako kirola bateratzeko eta araudiak aldian-aldian berrikusteko. Hau da, IBSA goalballaren kudeaketaz arduratzen hasi zen 1980.hamarkadan. Geroztik, Itsuentzako Kirolen Nazioarteko Elkarteak (IBSA), Goalballeko Azpibatzordearen bidez txapelketa ofizial guztiak zigortzen ditu, bai eta joko-araudia lau urtean behin berrikusten du, epaileak eta ofizial adingabeak prestatzeko ikastaroak egiten ditu, eta goalballaren praktika sustatzen du munduko leku guztietan.
Bestalde, 1983.urtean Danimarkak antolatu zuen Europako lehenengo txapelketa, eta emakumezkoak nahiz gizonezkoak parte hartu zuten, gizonezkoen txapelketan Austria irabazlea izanez eta emakumezkoen txapelketan, berriz, Danimarka.
Gaur egungo egoerari dagokionez, lau urtero udan Joko Paralinpikoak egiten direnean Goalballeko Munduko Txapelketa egiten da. Nahiz eta Amerikako Estatu Batuetako taldeak Austriako 1978. urteko munduko lehenengo txapelketan ez zuen lortu tokirik, gizonezkoen nahiz emakumezkoen taldeek kirolaren hasieratik presentzia garrantzitsua izan dute eliteko mailan. Izan ere, Estatu Batuetako gizonezkoen taldeak bost podium lortu ditu munduko txapelketetan 1982. urtetik, eta emakumezkoen taldeak, berriz, 8 podium.[2]
Funtsezko ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jokalekua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Goalballa 18 metro luze eta 9 metro zabal duen pista laukizuzen batean jokatzen da. Joko pista hiru eremutan banatuta dago: talde eremua, jaurtiketa eremua eta eremu neutrala. Talde eremua jokalariak pilota defendatzeko eta jaurtiketak gauzatzeko kokatzen diren eremua da. Jaurtiketa eremua, berriz, jaurtiketak egiten diren lekua da. Eremu neutrala, aldiz, pistaren erdialdean geratzen den esparrua da.
Horretaz gain, pista markatzen duten marra guztiek 0,05 metroko zabalera izan behar dute; ongi ikusi behar dira eta ukimenaren bitartez identifikatzeko modukoak izan behar dira. Marra guztietan eta zinta azpitik, 0,003 metroko soka bat jartzen da erliebea emateko.[4]
Baloia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baloiak 1,25 kilogramo pisatzen du, zortzi zulo ditu eta hainbat kaskabilo ditu bere barruan. Baloiaren diametroa 24 zentimetrokoa da. Horretaz aparte, 0,9 kilogramoko bola ez-ofiziala ere sortu dute hainbat enpresek, jokalari gazteenek erabil dezaten.[5]
Epaileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Joko bakoitzean bi joko-epaile, lau atezaintzako epaile, puntuazio arduradun bat, denbora neurtzeaz arduratzen den beste bat, hamarreko aldiak neurtzeaz arduratzen den bat eta jaurtiketen arduradun bat daude. Lehiaketa garrantzitsu guztietan hamar segundoko aldiak neurtzeko bi pertsona egongo dira eta denbora neurtzeaz arduratzen den pertsona bat ere egongo da, erreserbako kronometro batekin.[6]
Arautegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Partidak 12 minutuko 2 zati ditu. Denbora hori ahalik eta errealena izateko ahalegina egiten da. Horregatik, erlojua gelditu egiten da huts egiteetan edo jokoa geldirik egotea eragiten duen gorabeheraren bat dagoenean. Horretaz gain, partida bakoitzean gehienez 4 aldaketa egin daitezke eta jokalari bera behin baino gehiagotan aldatu daiteke. Lehenengo zatian aldaketa bakarra egin daiteke eta aldaketarik egin ezean, bigarren zatian 3 aldaketa bakarrik egin ahal izango dira.[7]
Bestalde, epaileak jaurtiketa bakoitzaren hasiera baimendu behar du. Jokalari batek gehienez bi jaurtiketa egin ditzake jarraian (Iraungitako araua, baina liga inklusiboetan sartu zena). Jokalariak pilota bere eremutik jaurti behar du epaileak baimendu eta ondorengo 10 segundotan. Pilotak, jaurtitzerakoan, eremu neutralean gutxienez behin lurra ukitu behar du, bestela jaurtiketa bertan behera geratuko da. Pilotarekin defentsako lehen kontaktua, bere talde eremuan gorputzaren edozein zati duen edozein jokalarik egin behar du.[8]
Pilotaren jabetza aldatzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pilotaren jabetza hurrengo kasuetan aldatzen da:
- Pilotak ez duenean gutxienez behin eremu neutralean bote egiten.
- Jokalariak epaileak esan baino lehen jaurtitzen duenean.
- Jokalariak marra zapalduz pilota jaurtitzen duenean eta baloia defendatzaile bat jo eta pistaren erdialdetik haratago ateratzen denean (azken kasu horretan talde jaurtitzaileak berreskuratuko du baloia).
Penaltiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jokalariaren eta taldearen arabera desberdintzen dira eta jokalari bakarrak defendatzen ditu. Jokalariaren penaltia baldin bada, arau haustea egin duen jokalariak defendatzen du. Taldeari izanez gero, defendatzailea jaurtiketa egin duen azken jokalaria izango da.
Penalti pertsonalari dagokionez, penalti horiek pilota altu doanean, jokalari batek bere begiko mozorroa ukitzen duenean, jokalari berak hiru aldiz jarraian jaurtitzen duenean, defentsa ilegala egiten duenean edo denborarekin atzeratzen denean izaten dira.
Bestalde, talde batek arau-hauste bat egiten du jaurtitzeko 10 segundo baino gehiago behar dituenean, kirolaren aurkako jokabidea duenean edo jokoan zehar jarraibideak jasotzen dituenean.[6]
Joko egoerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jokoa ikusmenaren ordez entzumenaren zentzuan oinarritzen da. Beraz, debekatuta dago kanpoko zarata oro, esaterako, sakelako telefonoen soinua, publikoaren txaloak, kantuak eta irrintziak. Hortaz, ikusleei behin eta berriz gogorarazten zaie isiltasuna mantentzeko, eta epaileek "Jolastu!" edo "Jokatu!" deiari ekiten diote, "Ixo, mesedez!" esanez. Entrenatzaileek ezin dute hitz egin baloia jokoan dagoen bitartean, eta horrela, ezin dute jokoan eragin.[4]
Horretaz gain, jokalariek, ikusmen maila kontuan hartu gabe, argirik sartzen uzten ez duen “begiko mozorroa” daramate, berdintasuna ziurtatzeko. Ikusmen osoko pertsonek kirola egin dezakete begietan “mozorroa” eramaten badute.[4]
Jolasaren hasiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zozketa irabazten duen taldea baloiarekin hasten da.[4]
Erasoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gola eskuratzeko, jokalari batek baloia kantxan zehar birarazi edo errebotarazi behar du. Baloiak kontrako defendatzaileak pasa behar ditu eta aurkariaren atean sartu behar da. Normalean jokalariak baloia hartuko du eta ukipen-lerroak, kideen soinuak eta/edo bere atezainaren langeta erabiliz orientatuko da. Ondoren, jokalariak aurrera egingo du, makurtuko da eta baloia kantxan zehar mugiaraziko du. Pilotak jokalariaren lurreratze-gunean eta eremu neutraleko edozein lekutan jo beharko du.[4]
Defentsa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jokalari defendatzaileak talde eremuan geratzen dira, normalean posizio mailakatuetan, norgehiagokak saihesteko. Beste taldeak baloia jaurtitzen duela entzuten dutenean etzan egiten dira, eta irristatuz lekualdatzen dira, besoak buruaren gainetik dituztela eta hankak luzatuta dituztela, distantzia handiena estaltzeko. Baloia ez pasatzea da helburua, gorputzaren aurreko aldea erabiliz. Jokalari batzuek nahiago dute baloia beraien kutxekin blokeatzea eta inpaktua xurgatzea.[4]
Beste batzuei, berriz, hankak blokeatzea gustatzen zaie. Horrela, baloia eskuetan biltzea ahalbidetzen du gorputzaren posizioak. Metodoa edozein dela ere, jokalariak beti saiatuko dira ahalik eta eremu handiena blokeatzen.[4]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Gaztelaniaz) sig. «Goalball - Federación Española de Deportes para Ciegos» www.fedc.es (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
- ↑ a b c (Ingelesez) Admin, Gravitate. (2018-11-20). «A Guide to Goalball Gameplay: History, Rules, and Court» NWABA (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
- ↑ a b c d e (Ingelesez) «History» IBSA Goalball (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
- ↑ a b c d e f g (Ingelesez) Goalball. 2024-01-21 (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
- ↑ (Ingelesez) «Goalball - Paralympic Athletes, Photos & Events» International Paralympic Committee (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Reglamento Goalball. , 7 or..
- ↑ (Gaztelaniaz) conocetusfortalezas. (2016-04-27). «Reglamento del Goalball: puntos destacados.» strip-header-layout (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
- ↑ «Goalball | Paralímpicos» www.paralimpicos.es (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).