Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Edukira joan

Abixoi handi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Abixoi handi
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaAtheriniformes
FamiliaAtherinidae
GeneroaAtherina
Espeziea Atherina presbyter
Cuvier, 1829

Abixoi handia edo sisangre[1] (Atherina presbyter) ur gazikara eta ur gezako arraina da, Atherinidae familiakoa[2].

Ekialdeko Ozeano Atlantikoan, Danimarkako itsasertzetatik Kanarietaraino, bizi da. Ez da jaten, beitarako harrapatzen da soilik[3].

Itxura fusiformea duen arraina da, 18 cm inguru neurtzen dituena. 20 cm-ko aleak aurkitu dira. 4 urte bizi daiteke[4].

Gorputz luzea eta estua du, kolore gris bakarrekoa, sabelaldea zerbait argiagoa. Erdi gardena ere badela dirudi sarritan. Zilar koloreko lerro distiratsu batek zeharkatzen du gorputza, batzuetan lerro beltz fin bat ertzetan duena[2], baina ez da albo-lerroa. Bizkarraldean bi hegats ditu, lehena laburra eta triangelu itxurakoa eta bigarrena luzea[5], 7-9 arantza dituena eta 114 izpi bigun[2]. Buztaneko hegatsa urkila itxura du[6].

Buru txikia badu ere begiak asko nabarmentzen zaizkio[7]. Ahoa ere proportzionalki handia du eta kanpora ateratzen du elikagaia eskuratzeko.

Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean bizi da, Britainiar uharteetatik Mauritania kostalderaino, Azoreak, Madeira eta Kanariak barne. Mediterraneo guztian ere hedaturik dago[8], mendebaldeko zatian gehienbat. Ur azaletik 50 metrotako sakonera arteraino aurkitzen da[7].

Arrain txikiak direnean talde handiak eratzen dituzte eta Ozeano Atlantikoan urtaroko migrazioak burutzen dituzte. Neguan ur sakonagoetara sartzen dira, tenperaturari errazago eusteko, bizi-jarduera jaitsi egiten baitute. Gazitasun maila desberdineko uretan ongi egokitzen dira[5], eta badia eta estuariotan ere asrtzen dira elikatzera[9].

Sarda handitan ibiltzen da itsas ertzetan eta ibai bokaletan[10]. Haragijalea da, zooplanktonaz elikatzen da, krustazeo txikiak eta arrainen larbak jaten ditu. Oso aktiboa da[11].

Udaberria eta uda artean ugaltzen da[12], migrazioan iparraldera iristen direnean. Mantxako kanalean eta Ipar Itsasoan askatzen dituzte arrautzak[13].

Ez da ohikoa abixoi handia jatea. Gehienetan beita gisa erabiltzeko harrapatzen dute arrantzaleek gero tunidoen arrantzan erabiliko dena. Horretarako 10 cm inguruko tamaina duten abixoiak erabiltzen dira[3]. Beitarako erabiltzeko ez den helburutarako abixoi handiak arrantzatzea debekaturik dago[14].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Barrutia, Eneko. (2003). «Arrainen izenak Bizkaian XX. mendean» (pdf) Zainak (Donostia: Eusko Ikaskuntza) (25) ISBN 8484198790. ISSN 1137-439X. Bibcode1137-439X..
  2. a b c FishBase: Atherina presbyter
  3. a b (Gaztelaniaz) Longorones, un plato típico de Canarias - Mundo Canario. 2022-05-29 (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  4. (Gaztelaniaz) «Abichón • Atherina presbyter • Ficha de pez» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  5. a b «Pejerrey común | Animalandia.» animalandia.educa.madrid.org (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  6. «Atherina presbyter | Centro de Interpretación del Litoral La Maruca» turismo.santander.es (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  7. a b (Gaztelaniaz) Guelde (Atherina presbyter) – Canal del Área de Tecnología Educativa. (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  8. Lur entziklopedietatik hartua.
  9. «Comiendo Sulas» Comiendo Sulas (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  10. Lur entziklopedietatik hartua.
  11. Lur entziklopedietatik hartua.
  12. Billard, R.. (1997). Les poissons d'eau douce des rivières de France. Identification, inventaire et répartition des 83 espèces. Lausanne, Delachaux y Niestlé, 192 or..
  13. En J.C. Quero, J.C. Hureau, C. Karrer, A. Post y L. Saldanha. (1990). Check-list of the fishes of the eastern tropical Atlantic (CLOFETA). JNICT, Lisboa; SEI, París; y UNESCO, París. Vol. 2., 604-605 or..
  14. «Atherina presbyter Pión.» FOTOSUB Jacobo Alonso (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]